2009-10-11

Segundu bat, mila sentimendu

Segundu bat mila aldiz zatitzea posiblea da, baina ezinezkoa segundu horretan senti daitezkeen sentimenduen multzoa deskribatzea.

Nire sentimenduak kanpora ateratzea izan da nerabezaro garaitik gainditzeke geratzen zitzaidan irakasgai horietako bat. Zergatia ezagutzeko ez dut urrutira jo beharrik: nire izateko era. Gauza gutxik emozionatzen ninduten eta gutxiagok negar. Non geratu ote ziren isuri ez nituen malko haiek?

Galdu egin ziren. Noizbait galdu, nonbaiten galdu. Azken urteetan biziak inoiz berreskuratuko ez dudan malko horien garrantzia erakutsi dit. Maite dudan norbaiten faltagatik egin dut negar, ingurukoak edo ni txarto sentitzean egin dut negar eta zoriontasuna nirekin batera bidaiatzean egin dut negar.

Malko bakoitzak sentimendu asko gordetzen ditu bere baitan, zein baino zein sakonago. Baina malkoen hizkuntza ulertzea zaila suertatzen da askotan. Bihotzaren zirrikitu ñimiñoenenak gordetzen duen altxorraren balioaz jabetzeko, erabil ditzagun ahalik eta tresna gehien. Malko batek asko esaten badu ere, hitzek esanahia borobildu dezakete.

Eta urteek azala sikatu egingo didate. Eta urteek giharrak ahuldu egingo dizkidate. Eta urteek bihotza makaldu egingo didate. Halere, inork ez dizkit lapurtuko zoriontasunarekin isuritako malko haiek.

Sentimendu eder horiek itsatsita zeramaten malko gehiago zoriontasunarekin batera isuri ez izanaz damutzen naiz.

0 comentarios:

Publicar un comentario en la entrada