2009-10-13

13:13

Gauza asko esan daitezke zenbaki honen inguruan, horietariko askok sineskeriarekin lotutakoak. Angel Nietok 12+1 mundial irabazi zituen, eraikin askotako hamairugarren solairuari hamalau zenbakia jarri diote, hegazkinetako hamairua 12 bis bilakatzen dute...

Anglosaxoniar herrialdeetan ostirala eta 13 zorte txarreko eguna omen da. Hemen ordea, asteartea dugu. Eta gaur...asteartea eta 13 da. Gera gaitezen etxean!!!

Ez dut sineskeria kontuetan sinesten. Eta 13 zenbakia inoiz ez badut gorrotatu ere, aspaldi hartu nuen begiko. Arrazoiak? Hainbat.

Baina utzi dezagun zenbaki primo hori eta hartu dezagun beste bat. Hamaika: horiek baitira nik ditudan maniak.

Ez pentsa zu baino arraroagoa naizenik edota blog honen edukiera agortzeko beste ditudala, baina bai dezente. Nork ez du zebrabide bat marratxo zuriak baino ez zapalduz igaro? Nork ez du ohe azpian begiratu oheratu aurretik?

Umetan denok eginiko gauzak dirudite edo agian hain umetan ez eginikoak... Etxeko atea itxi, igogailua hartuta kalera irten eta noizbait itzuli al zarete atzera bueltan? Barregarria? Behin gertatuta ulergarria, ohitura hartuz gero...

Erlojua begiratu eta 13 ordu 19 minutu eta segundu batzuk markatzen du, baina 7 minutu aurreratuta dago. Ez dago galdera egiteko betarik. Gauza asko horrela dira eta kitto.

Idazki hau 13 zenbakiarekin hasi dut eta blog-eko ordulariaren laguntzaz horrela bukatu nahiko nuke. 13 zenbaki berezia da, arras berezia.

0 comentarios:

Publicar un comentario en la entrada