2009-12-13

Zaharrak berri

Joan zaigu euskararen eguna eta lehen bezain zaila egiten zait kaletik euskara entzutea.

Joan zaigu Durangoko 44. azoka eta metroan Stieg Larsson-ek liburuak baino ez ditut ikusten.

Krisia? Bai, edonon entzuten dugu krisi hitza. Jakin badakigu gure hizkuntzak izan dituen eta gaur egun dituen zailtasunak (esaterako aurten Lehen Hezkuntzan gaztelania ordu bat gehiago izatea derrigortu dute...). Baina estatistikek krisia ez, eta euskararen hiztun kopuruaren gorakada agerrarazten dute.

Egia da, gero eta guraso gehiago hautatzen dute D eredua haien seme-alabentzat. Zertarako? Haiei galdetu beharko...

Azken boladan Eusko Jaurlaritzak izan duen ideia borobilena izan da bono-kultura. Bihar, abenduak 14 hasten da bonua lortzeko epea. Has gaitezen euskal kultura kontsumitzen eta erabiltzen!!!!

Gaur bitartean konforma gaitezen bertsolaritza final handiarekin. Sarrera lortu ezin izan dugunontzat, piztu Etb-ko lehen katea. Finala hastear da eta!

2009-11-30

Konturatu gabe

Horrela joaten dira bizitzako segundu, minutu, ordu, egun...

Eta horrela joan zaizkit niri azaroa eta urria. Nahigabe izan nuen bilblogari honen berri eta gustura idatzi ditut burutik pasa zaizkidan burutapenetariko batzuk.

Orain bi hilabete beltz ikusten nuena, zuri kolorekoa ikusten dut orain. Eta zorionak irribarre handiagoa margotu du nire aurpegian. Eta irribarre horrekin esnatzen naiz egunero!

Hau ez da taldeko blog-a, ezta blog tematikoa ere. Nire burmuineko ezker aldean aurkitzen omen den kreatibitatea ez dut oraindik topatu. Eta horrek blog originalena izatea galarazi dit.

Baina inork ez dit oztopo gehiago jarriko nire zoriontasunaren bidean. Eta inork ezingo dit debekatu blog honen bitartez, nire barruan ditudanak botatzen.

Beraz, hemendik pasa zareten horiei, mila esker. Nire berri gehiago izango dituzue, zin dagizuet.

ESKERRIK ASKO!

2009-11-27

Ametsak amets

Gaur hamaikagarren aldiz, email bat jaso dut. Gaur hamaikagarren aldiz, email horrek zeukan esteka ireki dut. Eta gaur hamabigarren aldiz, bertan zetorrenak hunkitu egin nau.

Betidanik izan dudan ametsa, maratoi bat korritzea izan da. Txikitan hasi nintzen atletismoa praktikatzen eta orain 23 urte ditudanean, gero eta hurbilago ikusten dut ametsa lortzea. Lehenago ere egin nezakeen, baina ez dut pot eginda helmuga zapaldu nahi. Azkenengo kilometroak disfrutatu nahi ditut eta horrek nire ametsa atzeratu egiten du.

Badakit zein zaila den maratoi bat prestatzea eta horretarako behar den denboraz ere zertxobait komentatu didate.

Maratoiaren ostean, noizbait burdinezko gizon bilakatu nahiko nuke. Eta posible bada Hawaii irletan, baina hori ametsa baino gehiago utopia litzateke...

Momentuz, email honek barrenean sortarazten didanarekin disfrutatzen jarraituko dut!



Ta domekan, kantak dioen moduan, Santurtzitik Bilbora!

2009-11-25

Emakumeenganako indarkeriari EZ

Bai, gaur 25 ditu azaroak. Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dugu.

Hedabideek azken urte hauetan azaleratu duten gaia dirudien arren, emakumeek aspalditik pairatu duten gaitza da. Gizartea betidanik izan da androzentrista, beti gizona izan da gure munduko erdigunea.

Baina gauzak aldatu egin dira, derrigorrez aldatu ere. Lehen gizonenak baino ez ziren esparru asko, gaur egun gizon zein emakumeenak dira. XXI. mendean bizi garen honetan, ez diogu hainbeste generoari begiratu behar. Ni mutila baino pertsona naiz, eta nire moduan pentsatzen dute gaurko mutil askok ere.

Indarkeriak ezin du hezkuntza-sistema soilik ezabatu. Gizartearen laguntza ezinbestekoa izan beharko du. Tratu txarrak jasotzen dituen emakume baten semeak, urteren buruan berdina egingo du kontrakoa erakusten ez baldin badiogu. Pertsonak hezi egin behar dira, baina ez eskoletan bakarrik. Eskolatik kanpo ordu asko ematen dituzte gaurko umeek, eta jasotzen duten informazioa behar beste baino gehitxoago dela deritzot.

Bilboko Udaletxeak nerabezaroei zuzendutako, baina helduagoentzat baliagarri den webgune berri bat zabaldu du azken aste honetan:
Honekin batera, iaz Eudelek egindako bideo bat uzten dizuet.




Datorren urtean, tratu txarrengatik emakume bat bera ere hil ez danik ospatu gura nuke.

Denon artean lortuko dugu!

2009-11-20

Ustekabeko oparia

Nik gabon hauetan baietz esango diot kulturari, kultura oparitu egingo dut.

Gero eta goizago hasten dira gabonak gaurko gizartean. Hara hor kaleetako argi distiratsuak, buzoiko propaganda mardulak, telebistan etengabe botatzen dituzten jostailu iragarkiak...

Baina aurten Eusko Jaurlaritzak berri on batekin aurreratu dizkigu gabonak! Kultura bonua hain zuzen ere!



25 euro ordaindu eta 40 euroko bonua jaso bueltan. Negozio txarra ez ezta? Denda guztietan eskaintza hauek jarriko balituzte, krisi garaia bada ere, erosketa gehiago egingo genituzke duda barik.

Baina eskaintza guztiek letra txikia dute eta hau ez zen salbuespena izango:

Zenbat bonu erosi ditzaket? Bat!

Denda desberdinetan erosteko aukera? Ez!

Informazio gehiago nahi izanez gero --> Kultura bonua

Gogoratu abenduaren 14an jarriko direla salgai! Adi egon!

2009-11-17

Gaurko gizartea

Gizakiaren definiziorik borobilenetako bat ikusteko aukera izan nuen atzo.

Ikusi? Bai, ikusi eta entzun egin nuen (ingelesez). Irudi bitartez hurrengoa azaltzen digu: tximinoak baino ez gara.

Bizi osoa ematen dugu animaliengandik desberdintzen gaituzten ezaugarriak zerrendatzen, baina gauza positiboei baino ez diegu so egiten. Baina ez gara konturatzen, gure pentsaera, kolore, erlijio... desberdinekoak gorrotatu egiten ditugula.

Eta hori gutxi balitz, bizi garen planeta hau gurea eta guretzat eginikoa dela uste dugu. Bideoak arrazoi du, tximino hutsak gara.


2009-11-12

Hiyab

Azken urteotan asko hitz egin da hiyab hauen inguruan: bai, emakume islamiar askok erabiltzen duten zapi antzekoa.

Irakasleei zuzendutako hezkidetza ikastaro batean, eztabaida sor dezakeen bideo bat ikusteko aukera izan genuen. Eztabaida sortu ez, eta kontrakoa lortu zuen. Hitzik gabe geratu ginen.



Askotan, irakasleok aldarrikatzen dugu berdintasuna hezkidetza bezalako hitz potoloekin. Baina gure zilborrari so egin beharrean, besteen desberdintasunaz baliatu beharko ginateke.

Atzerritar baten desberdintasunak gure kultura aberastu beharko du derrigorrez. Eta arazo ez denak, ez dezagun arazo bihurtu mesedez!